2013/05/08

OROITZAPEN HISTORIKOAREN INGURUKO MOZIOA

Bihar, Iruñeko Udalean, Udalbatzaren bilkura izanen dugu. Bertara bi ekimen aurkeztuko ditugu. Bata, Memoriaren Autobisa Plataformak proposatuta, oroitzapen inguruko mozioa, eta bestea, zonalde urdina dela eta, ustiapenaren ondorioz udalak hartuko duen diru kopurua mugikortasun sostengarrira bideratzeko. Bi ekimenak mozio irekiak bezala planteatu genituen, gainontzeko udal taldeek, nahi izanez gero, sinatu ahal izateko. Bilduk eta Aralarrek baino ez ditugu sinatu, beraz ni ekimenak Aralarren eta Bilduren Udal Taldeek elkarrekin aurkezten ditugu. Horra hor memoria historikoaren inguruko mozioa:


IRUÑEKO UDALEKO UDALBATZARI MOZIOA

Beherago sinatzen duten Udal Taldeek, Udalbatzan aurkezten dute MOZIOA, eztabaidatua eta bozkatua izan dadin:

Zioen azalpena.-

Jendaurrean adierazi denez, 2010eko apirilaren 14an, Argentinan, zigor arloko epaitegi batean kereila bat aurkeztu zen, Estatu Espainiarrean diktadura frankistak 1936ko uztailaren 17az geroztik, kolpe zibiko-militarra hasi baitzen, 1977ko ekainaren 15era bitarte, lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren eguna izan baitzen, egindako genozidioa eta/edo gizateriaren aurkako erailketen delituengatik.

Argentina zein Espainiako biktimen ahaideek eta giza eskubideen aldeko eta gizarte elkarteek aurkeztu zuten. Hari dagoeneko gehitu zaizkio edo berehala egiteko asmotan dabiltza ehundaka kereila-jartzailek eta salatzaile partikularrek, diktaduraren azken aldiko errepresaliatuk eta hainbat elkartek: kulturalak, sozialak, sindikalak, e.a.

4591/10 kereilak ondoko hau salatzen du: “erregimen frankistak eta bere eragileek 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 20ra bitarte egindako genozidioa edo, subsidiarioki, gizateriaren aurka egindako delituak”.

Honen tramitazioak frankismoa babesten jarraitzen duen zigorgabetasun murruan arrail bat ireki du. Egun, epaitegi argentinar horretan pertsonatzeko aukera dago, gure lurraldean ukatzen den justizia egin dezan eskatzeko. Estatu Espainiarraren luze-zabaleran zitalkeria haren muntaz ohartarazten laguntzen duten lekukotasun dokumentatuak biltzen ari dira. Helburua gure historia hurbilaren ezinbesteko partea berreskuratzea da, hura faltsutzea ekiditea eta berrogei urtean gure lurraldeak jasan duen erregimen higuingarriena mantendu zutenei erantzukizunak eskatzea.

Kereilaren funts juridikoa da jurisdikzio edo justizia unibertsalaren printzipioa. Horren arabera, edozein lurraldetako justizia auzitegiek jardun ahal eta behar dute nazioarteko komunitatea ukitu eta hari irain egiten dioten erailketak egiten direnean.

Eta hori guztia heldu da Estatu Espainiarraren Auzitegi Gorenak nahi duelako Amnistiaren Legeak jurisdikzio espainiarra diktaduraren erailketak ikertzetik salbuestea. Hala, haraindiko bi gai saihesten dira: lege hori eman zela Konstituzioa aldarrikatu baino lehen. Horren ondorioz, interpretatu behar da justiziaren eskubideari aurka ezin diola egin, ezta Konstituzioak aldarrikatzen dituen gizakien oinarrizko eskubideen babesteari ere eta, hortaz, gizateriaren aurka egindako erailketen erantzuleak epaitzeari; gainera, legea eman baino lehen, Espainiak nazioartekoan konpromisoa hartu zuen nazioarteko zuzenbidearen printzipio orokorren arabera delituak egin zituztenak jazartzeko, baita barruko zuzenbidean aurreikusirik ez zegoenean ere. Erailketa preskribaezinak, finkaturiko nazioko zein nazioarteko legeria eta jurisprudentziari jarraikiz ikertuak eta zigortuak izan behar dutenak, gauzatu ziren tokia edo eguna alde batera utzita.

Desagertuak berriro desagerrarazi nahi izateaz gain, desagerrarazitzaileak ere desagerrarazi nahi dituzte. Bere erailketak, bere izenak, erailtzaileenak, torturatzaileenak, umeen bahitzaileenak, ezagutzea ekidin nahi dute. Engainagarriki argudiatzen da denak hilik daudela, hildakoek eta bere ahaideek justiziaren beharra ez balute bezala, eta, nahita, ehundaka biktima eta errepresore bizirik daudela ezkutatzen da, eta azken horiek zigor arloan epaitu eta zigorturik izaten ahal direla eta behar direla.

Atzerriko epaitegien jarduna arma boteretsua da herrien eskuetan, berezko lurraldean dagoen justiziarik ezaren kontra borrokatzeko. Beste faktore batzuen artean, zigorgabetasunaren aurkako nazioarteko salaketa bihurtzen da; biktimek epaile baten aurrean deklaratzea bermatzen du; erailketa egin zen lurraldean ukaturik dauden ikerketa judizialak aurrera eramatea ahalbidetzen du; erantzuleak deklaratzera deituak izateko aukera irekitzen du eta, finean, beren krimen-esku hartzeari buruzko zantzu sendoak daudenean haien kontrako espetxea xedatzea ahalbidetzen du, horretarako atxilotzeko nazioarteko aginduak emanez; erakusten du ezen, nazioarteko jazarpenaren aurrean eta aurkitzen dituzten tokian atxilotuak izateko arriskuaren aurrean, zigorgabetasunaz gozatzen duten munduko toki bakarra delitua egin zuten tokia dela.

Horrengatik guztiarengatik, funtsezkoa da partikularren salaketez gain, erakunde publikoek kereila sostengatzeko lana egiteko konpromisoa ere har dezaten. Horretarako Iruñeko Udaleko Udalbatzan onartzen du ondorengo

AKORDIOA


1. Iruñeko Udalak 1931.ean bide onez burututako Errepublika eta Gobernu Espainol, Katalan eta, beranduago, Euskaldunaren aurka 1936.eko Uztailean Francok antolatutako altxamendu militar-faxista kondenatzen du.

2. Iruñeko Udalak gerora ezarritako diktadura erregimena kondenatzen du, berrogei urteetan zehar eragindako triskantza odoltsuengatik askatasuna eta justizia soziala aldarrikatzen zutenen aurka eta baita eskubide indibidual eta kolektiboak defendatzen zituztenen aurka.

3. Iruñeko Udalak kolpe militar haren alde eta gerora bere gobernuen alde egin zuten industria, nekazal eta finantza oligarkiak eta Elizaren agintari eta partaideak salatzen ditu.

4. Iruñeko Udalak altxamendu militarragatik, erregimen frankistagatik eta Estatu terrorismoagatik errepresaliatuak izan zirenen eskubide eta eskaeren alde egiten du eta administrazio publikoei, hau da, instituzio politiko eta juridikoei, eskatzen die pertsona kaltetu horien eskubideak bermatzeko ere, erregimen haren EGIA plazaratzen, bere oinordekoak egiten ari diren historiaren errelato faltsua salatuaz; JUZTIZIA aldarrikatzen, egungo inpunitatea saihestuaz eta frankisten erantzukizuna exijituaz; milaka eta milaka biktimentzat ERREPARAZIO duin eta diskriminazio gabea eskatzen; eta, azkenik, gizarteak behar dituen aldaketa sozio-ekonomikoak, juridikoak eta instituzionalak eragiten, ERREPIKA-EZINAREN BERMEA ezartzeko.

5. Ildo honetan, Iruñeko Udalak bere laguntza eta atxikimendua ematen dio Argentinako Errepublikan, Buenos Aireseko 1 Epaitegian, 4591/10 Kereilari, zein Maria Servini de Cubria Epaileak daraman genozidioaren eta gizateriaren aurkako frankismoaren krimenegatik.

6. Iruñeko Udalak hiritar orori eskatzen dio Kereila honen alde egin dezan, bai kereilatzaile gisa errepresiorik sufritu duenak, berak edo bere familiakoren batek; edo baita diktaduraren aurka bere salaketa eginaz eta atxikimendu pertsonala sinatuaz.



No hay comentarios: