2011/06/28

BATERAGUNEAREN AUZIA: IRAGANEKO ERREZETAK

Egun hauetan gauzatzen ari da Madrilgo Entzutegi Nazionalean Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Díez, Amaia Esnal, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Arkaitz Rodríguez eta Mañel Serraren aurkako epaiketa. Politikariak dira auziperatuak. Eta hain zuzen ere politikagintzan aritzeagatik auziperatuak dira. Horrelako epaiketak lekuz eta garaiz kanpo daude erabat. Politika da gizartea eraldatzeko bide bakarra, horregatik, politika egitea inoiz ezin daiteke delitua izan. Orain justu kontrakoa ari da gertatzen, 8 pertsona herrigintzan aritu izangatik Justiziaren aurrean aurpegia eman behar dutela. Juridikoki ulertezina eta politikoki onartezina.
Bake bidean gaude Euskal Herrian. Bakea eta normalizazio politikoa izan behar dute orain gure kezka eta helburu nagusia, justizia soziala lortzearekin batera. Hortaz, ezinbestekoa da bakerako bidean hau bezalako estrategiekin, epaiketa politikoekin eta justiziaren politizazioarekin behin betikoz amaitzea.
Bakea da etorkizuna. Elkarbizitza da etorkizuna. Aniztasun politikoaren onarpena eta ezberdin pentsatzen duenarengan errespetua da etorkizuna. Errepresioa eta biolentzia iragaren zati beltz bat besterik ez dira gure Herriko historian. Horregatik errepresioaren estrategia oraindik ere garatzen duten horiek jakin behar dute iraganeko estrategietan ari direla, eta hobe luketela etorkizunari begiratuko baliote errepresioa alboratuz eta elkarbizitzari eutsiz.
Etorkizunaz ezer ulertzen ez duten horiek Ezker Abertzaleko beste sentsibilitateko kide horiendako kartzela zigorrak eskatzen dituzte gaur, hain zuzen ere politka egiten saiatu direlako, Aralarretik hainbat urteetan zehar aldarrikatu eta landu ditugun bide soilik zibil eta politikoak lantzeagatik alegia. Baina etorkizunaz ezer ulertzen ez duten horiei argi utzi behar zaie Euskal Herriak etorkizun oparoa eta anitza duela eta bide soilik zibil eta politikoen bitartez guztion artean eraikiko dugula etorkizun hori elkarlanaz, aniztasuna errespetatuz eta iraganeko errezeta antzuak alde batera utziaz.

(argazkia: efe.es)

No hay comentarios: