2010/04/12

EGUNKARIA AURRERA


Auzitegi Nazionalak argitara eman du gaur Egunkaria Auziko bere epaia. Absolbitu egin ditu Auzitegi Nazionalak Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga. Bost auzipetuak zigorrik gabe atera dira. Deliturik egin zutenik ezin daitekeela frogatu esan dute epaileek, beraz ETArekin harremanik ez zutela baieztatu dute euren sententzian. Bestalde, Egunkariaren itxiera babes juridikorik ez zuela izan berresten du epaiak, eta demokrazian hedabideak funtsesko tresnak direla esaten da bertan. Bidebatez, Egunkariak terrorismoa goresten ez zuela argi geratu da Auzitegi Nazionalak kaleratu duen epaian, hala nola adierazpen eskubidea urratua izan dela ata akusazioak ahulak, frogarik gabekoak eta oinarririk gabekoak direla ere deblauski adierazten da 33 orrialdeko epaian. Azkenik auzipetuek, atxilotuak izan zirenean pairatu behar izan zuten inkomunikazioan kontrolik egon ez zela dio sententziak. Ezin dugu ahaztu kontrol gabeko inkomunikazio horretan torturatuak izan zirela auzipetuetako batzuk. Auzitegi Nazionalak epaitu du bere sententziaren bidez. Askok hasieratik salatu genuen orain sententzia horretan esaten direnak. Galdera da, zeinek ordainduko du egindako kaltea? Nork erantzungo du hainbat urtez inolako oinarri juridikorik gabe hedabide bat izteagatik? Zeinek erantzungo du adierazpen askatasuna urratu izanagatik?Zeinek erantzungo du Demokraziarako oinarrizkoak diren hedabide baten aurka egiteagatik? Nork ordainduko du bost pertsonei egindako kalte pertsonala, ekonomikoa, soziala, morala, fisikoa eta juridikoa? Zeinek erantzungo du kontrolik gabeko inkomunikazioa aplikatzeagatik bost auzipetuei? nork erantzungo du Martxelok eta besteek jasandako torturengatik? Nork erantzungo du euskarari eta euskaltzaletasunari egindako kaltea? Izango al dute galdera hauek inoiz erantzunik? Auskalo. Bitartean, beti bezain ozen oihukatzeko garaia dugu: EGUNKARIA AURRERA!!!!!!!!!!!

No hay comentarios: