Bart gauean ta gaur goizean gauzatu den operazio polizialean, Garzon epaileak zuzenduta, 8 pertsona atxilotu dituzte baita beste bi pertsonen etxebizitzak mihatu ere, ustez Batasunaren "kupula" berregin izanagatik. Atxilotutakoen artean ANVko zerrendatan herriak hautatu zituen ordezkariak daude, baita ezker abertzale tradizionala D3M plataformaren bitartez hauteskundean egoteko aukera hartu duen zenbaitek ere. Nafarroan, Marine Pueyo, Iruñeko Zinegotzia eta Xanti Kiroga, Huartekoa, haien etxeak mihatu dituzte. Haiei guztiei nere elkartasuna adierazi nahi diet.
Ordezkari publikoak diren heinean dituzten eskubideak urratzen ditu polizi operazio honek, eta bozka emanez haiengan konfidantza eman zuten herritarrengan ere bada eskubide urraketa.
Politikan ideien defentsa egin behar da. Norberaren ideiak defendatu behar dira sutsu, bai, baina bestearen ideiak ere baliogarriak direla kontuan izanda eta zu bezala pentsatzen ez duena errespetatuz. Ezin dira ideiak kriminalizatu. Horregatik uste dut politikan soilik bide politikoen bidez egon behar dela. Bide politikoetaz soilik balia daiteke politikan aritu nahi duena. Horregatik politikari ezin zaizkio bideak itxi. Eta gaurko polizi operazioak politikari bideak itxi nahi dizkio. Politikak beti aurkitu behar ditu ateak zabal zabalik. Hastapen demokratikoa delako. Politikari bidea ireki behar zaio, guztion ideiak, guztion pentsakerak, eta guztion eskubideak errespetatuz. Ideiak inoiz ezin daitezkeelako ilegalak izan. Herriak hautatu dituen ordezkariak inoiz ezin daitezkeelako ilegalak izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario