16. Korrika heldu zen atzo Iruñera. Iruñeko euskaltzaleok kalera atera ginen, euskara geure hizkuntzaren aldeko mezu ozena argia eta anitza ematera. Izan ere, horixe da Korrika: euskararen aldeko lasterketa, mota askotariko jendea, adin askotariko jendea, Euskal Herriko leku askotariko jendea eta, oro har, pentsamolde askotariko jendea bildu eta euskararen aldeko mezu argia bezain anitza kaleratzeko ahalmena duen ekitaldia. Euskaraz eta kitto. Euskararen alde eta kitto. Azken batean herriaren aniztasunean aurkitzen da euskararen balioa, euskararen indarra eta, azken batean euskararen etorkizuna. Gure hizkuntzak etorkizun ezin hobea duela ikusten ahal dugu egun hauetan Korrika jarraituz. Euskararen lekukoa herriz herri, kilometroz kilometro baina, batez ere pertsonaz pertsona, eskurik esku pasatzen ari da egun hauetan, euskararen aldeko Herri baten nahia adieraziz eta, aldi berean Herri horren aniztasunaren lekuko izanik. Horregatik, euskarak etorkizuna izan badauka. Eta euskararen etorkizuna aniztasunean dago. Herri anitza baikara, geure hizkuntza aniztasunetik bultzatu behar dugu. Geure ezberdintasun ideologikoak alde batera utzita, gure arteko liskarrak momentuz aparkatuz. Eta gehien bat, Korrika bezalako Euskararen aldeko ekimen paregabeak politikoki ez erabiliaz, are gutxiago ezberdin pentsatzen duen anaiari irainak botatzean besterik ez datzanean kritika politiko hori. Atzo euskararen lekukoa eskuz esku pasa genuen Iruñear askok, aniztasunetik euskarari etorkizuna emanez. Batzuk, ordea, ez dute inoiz ulertzen jakingo gure Herriaren aniztasuna: alde batetik Barcinaren gobernu taldeak eta zenbait Udaltzainek, ibili baitziren isunak jarriaz, afitxak kenduaz eta arratsaldeko Burgoen Plazako ekitaldiei baimenak ukatuaz. UPNri ozen esan behar diogu Euskara Iruñear guztiok altxorra dela, euskaldunon altxorra, baina baita euskaraz mintzatzen ez direnon altxorra ere. Bestalde, beste batzuek Barcinari arrazoia emanez aritu ziren, eta Nafarroa Baiko ordezkariok lekukoa hartu genuenean, Koalizioaren aurkako irainak eta gezurrak bota zituzten: Nafarroa Bai euskararen etsai eta UPN torturatzaile, NABAI laguntzaile bezalako irain faltsuak. Barcinaren jokamoldeak euskarari etorkizun latza ematen dio, baina gezurretan eta irainka aritu zirenen jokamoldearekin euskarak ez dauka etorkizun hobeagorik. Horregatik, euskararen alde gauden guztiok, gure hizkuntzaren aldeko borrokan, denok elkarrekin aritu behar gara lanean. Geure ezberdintasunak alboratuz, eta aniztasunetik geure hizkuntzari etorkizun emankorra eta anitza bilatuz. Horregatik, Korrikan jarraitu behar dugu euskara bultzatu nahi ez dutenei argi eta garbi utziaz Herriaren mezu anitza: Hemen gaude euskararen alde. Eta kitto!
1 comentario:
Horixe bera da bai korrika, euskararen aldeko lasterketa, eta kitto!
Joxe Arantzabalek idatzitako artikulua hemen:http://goiena.net/blogak/faroa/korrika-eta-etako-presoak
Publicar un comentario