2009/05/14

ARALARREK TXARRETSI EGITEN DU INICIATIVA INTERNACIONALISTA IZENEKO HAUTES-ZERRENDA INPUGNATZEKO ESPAINIAKO GOBERNUAK HARTUTAKO ERABAKIA

Espainiako Abokatuak eta Fiskaltzak Iniciativa Internacionalista hautes-zerrenda inpugnatzeko erabakia hartu ondoren, Aralarrek txarretsi egiten du Gobernuak hartutako erabakia. Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak adierazi duenez, “Aralar giza eskubide guztien alde dago, eta uste du demokrazia heldua eta osoa dela eskubide guztiak defenditzen dituena”.
Zabaletaren hitzetan, “Espainiako Alderdien Legeak atzerapen eta murrizpen demokratikoa suposatzen du, eta horren ondorioz, Espainiako Abokatuaren eta Fiskaltzaren ekimenak nola Epaitegi Gorenaren epaiak atzerakoiak baino gehiago demokraziaren aurkakoak dira”.“Bizitzako eskubidea oso-osorik defenditzeko”, gaineratu du Aralarreko koordinatzaileak, “eskubide politiko eta zibil guztiak defenditzea da indarrik handiena. Eta eskubide politikoak defendatzeko, giza eskubide guztiak, bizitzarena barne, defendatzea da indarrik handiena”.Zabaletaren hitzetan, “Alfonso Sastre eta Doris Benegas bezala pertsonai zintzo eta kulturako hainbesteko dohain dituztenak legez kanporatzera iritsi behar den demokrazia bat ez da demokrazia heldua eta ez da demokrazia osoa”.Aralarrek behin eta berriro bere elkartasuna adierazi nahi die eskubide urraketaren ondorioz kaltetuak gertatzen diren guztiei, mehatxatuak gertatzen direnei bezala. “Eta zentzu honetan, gure elkartasuna aitortu nahi diogu baita ere Iniciativa Internacionalista izena duen zerrendari eta zerrendako kideei”.Aralarreko koordinatzaileak azpimarratu duenez, “Frantziako Errepublikan, Zapaterok eta besteek hainbeste miresten duten Sarkozyren errepublikan, Batasuna legezko alderdia da, eta Europako hauteskundeetara aurkeztu da. Nork pentsa lezake zentzu osoz Frantziako Errepublika arriskuan dagoela alderdien lege zibilizatu bat izateagatik? Espainiako Alderdien Legea eta bera garatzen duten ekimenak eta epaiak demokraziaren kaltetan dira, eta ondorioz, ez dute bakerako bidean laguntzen”.
http://www.aralar.net

No hay comentarios: